Adiskideak:
Beharbada ezagun egingo zaizue Lexikoaren Behatokia. Euskaltzaindiaren ekimen bat da, euskara batuaren eboluzioa aztertzeko; zehatzago esanda, Hiztegi Batuaren ezarpena zelan doan aztertzeko.
Ikerketa egiteko testuak behar dituzte, 2000. urtetik hona sortuak, arlo guztietakoak, eta kantitate handian. Testu-bilduma osatzea gogoan, 2009ko azaroan Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu zuen EITBrekin (beste erakunde batzuekin bezala), eta horren bitartez EITBk bere testuak uzten dizkio.
Testu soilaz gainera hainbat datu bidaltzen ditugu: testua noiz sortu zen, egilea nor den... Informazio hori guztia testuarekin batera prozesatzen da, eta Behatokiaren corpusean (testu-bilduman) gordetzen da.
Orain dela gutxi Euskaltzaindiak Interneten jarri du Lexiko Behatokiaren corpusa, edonork aprobetxatu ahal izan ditzan era horretako testu-bilduma baten onurak. Hona helbidea:
http://lexikoarenbehatokia.euskaltzaindia.net/cgi-bin/kontsulta.py?mota=arrunta
Bikoizketako testuetan zuen izenak agertzen dira egileari dagokion eremuan. Adibide bat ikusi nahi baduzue, txatal hau agertzen da "tigre" kontsultatuz gero.
Uste dugu zuen lana aitortzea eta oniriztea esan nahi duela zuen izena hala agertzeak. Dena dela, baten batek eragozpena balu, Euskaltzaindikoekin egingo genuke hitz.
EITBko Euskara Zerbitzua