Euskal delegazio bat Rojavan sartu da, tartean ARGIA

0 views
Skip to first unread message

ARGIA

unread,
Feb 16, 2026, 6:24:09 AMFeb 16
to azpe...@gmail.com
 
Euskal delegazio bat Rojavan sartu da, tartean ARGIA

 

Egun on lagunok,

Albiste garrantzitsu bat emateko idazten dizuegu.

Euskal Herriko delegazio sozial bat Siriaren menpeko Kurdistanen, Rojavan sartu da igande honetan, Irak eta Siriako estatuen muga zeharkatuta. Lau pertsonak osatzen dute delegazioa, eta tartean da ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz. Rojavako eragile sozialak Euskal Herriko zenbait aktibistarekin harremanetan jarri ziren, bizi duten muturreko egoeraren berri eman eta laguntza eskatzeko. Beldur dira Siriako gobernuaren indarrek setiaturik duten Kobane hirian sarraski bat egingo ote duten.

Oso denbora gutxian, euskal ekintzaile eta kazetariz osaturiko talde batek bidaia antolatu du. Delegazioa osatzen duten beste hiru kideak Mikel Zuluaga Mikelon, Garbiñe Elizegi eta Jose Javier Oses Jotas dira. Helburua Rojavan bizi duten egoera bertatik bertara ezagutu, eta Euskal Herriko komunitateari transmititzea izango da. ARGIAren asmoa Arbelaitzen eskutik egunero handik informatzea da, ARGIA.eus-en.

Egoera kritikoa Rojavan

Indar kurduek Siriako Gobernuarekin su-etena sinatuta badaukate ere, oso hauskorra da. Kobanen, hiriaren bizkarrean Turkiak eraikitako harresi izugarria dute, eta ezin dute ihes egin, beheko mapan ikus daitekeenez. Bertako iturrien esanetan, yihadistek akordioa apurtu eta beren aurkako sarraski bat gertatzeko aukerak oso handiak dira, dagoeneko drusoekin eta alaui komunitateekin egin duten bezala.

Milaka pertsona iritsi dira Kobanera Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik ihesi. Elikagai eta ur faltaz gain, bi astez elektrizitate mozketa jasan dute, eta elurra ari zuen bitartean berogailurik gabe izan dira desplazatuak.

Kobanek mundu mailan arreta deitu zuen 2015ean, armada kurduak Estatu Islamikoa kanporatu zuelako. Protagonismo nabarmena izan zuten garaipen hartan emakumeen unitate armatuek. Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, nazioartean erreferente eztabaidaezin bilakatu da hango proiektu politikoa. Baina orain mehatxupean dago.

Bultza kazetaritza independentea

Horrelako jarraipenak estimatzen badituzu eta garrantzitsu jotzen badituzu, nazioarteko agentzietatik harago, bizi dugun mundu honen berri emango duen kazetaritza independentea bultzatu nahi baduzu, ARGIAko kide egitera animatu nahi zaitugu. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta baliabide gehiago izango dugu halako proiektuak aurrera ateratzeko.

EGIN ARGIAKOA

Eskerrik asko eta ongi izan.

ARGIAko lantaldea

Mezu hau jasotzen duzu ARGIAren buletinen batean harpidetuta zaudelako edo ARGIAko kide zarelako.
Ez baduzu gehiagorik jaso nahi, egin klik hemen.
 
Reply all
Reply to author
Forward
0 new messages