|

Kaixo lagunak,

Egun handia da gaur ARGIAn. Hamarkada askotan sortutako ondarea herritarrekin partekatzeko helburuz, gure Fototeka publiko jarri dugu. 1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu fototeka.argia.eus webgunean, denak lizentzia librean eta kalitate handian deskargatu ahal izateko moduan. Artxiboa etengabe haziko da, gainera; astero-astero bilduko ditugu argazki berriak, eta herritarrek ere aukera izango duzue zuen argazkiak webgunera igotzeko.
Euskal Herriko eta munduko eduki libreko irudi-banku handienetakoa da, duela hainbat urte hasitako lanaren emaitza. ARGIAren argazki artxibo zaharra galtzeko arriskuan zela ikusita, horiek berreskuratu, katalogatu eta digitalizatzeari ekin genion. Luzea izan da prozesua, baina merezi izan du. Oso pozik gaude emaitzarekin.
ARGIAn aspaldi erabaki genuen gure edukiak libre partekatzea, norabide horretan urrats bat gehiago eman dugu Fototekarekin, eta are gehiago emateko asmoa dugu. Hilabete batzuk barru beste proiektu garrantzitsu baten berri emango dizuegu.
Horretarako, ezinbestekoa zaigu proiektua bultzatzen duen ARGIA Jendearen babesa. Horregatik zuzentzen gara zuengana. ARGIAko kidea bazara, proiektu hau zuri esker ere egin ahal izan dugula esan nahi dizugu. Eskerrik asko.
Eta oraindik ez bazara ARGIAkoa, pausoa ematera animatu nahi zaitugu. Komunikazio-proiektu independentea indartzen lagunduko diguzu, eta Fototeka bezalako proiektu gehiago egiten ere bai.
Hemen Fototekari buruzko informazio zabalagoa aurkituko duzue.
Eta orain bai, gozatu fototekaz: fototeka.argia.eus
Milesker, eta ondo segi!
ARGIAko lantaldea
|